|
Agiri honen lehen atalak Izeba Proiektuari buruzko oinarrizko informazioa ematen du, eta lau sail ditu: proiektuaren deskribapena, abiapuntuak, helburuak eta ardatz nagusiak.
1.1. Proiektuaren deskribapena
Bakarrik dauden adin txikiko atzerritarrentzako harrerako osaba-izeben sare bat (erreferentzia- edo laguntza-familiak) sortzea du helburu Izeba Proiektuak. Zertan gauzatuko den? Bada, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikarako Departamentuaren zuzeneko laguntzarekin, borondatezko hainbat familiaren sareko laguntza eskuratzen saiatuko da, babesik gabe dauden neska-mutiko horien harrerako osaba-izeba edo laguntza-familia izan daitezen.
Hartara, bizi den harrera-lekuaz gain, erreferentziazko familia bat ere izango du BDAA bakoitzak haren inguruan. Erakunde publikoen eta harrera-lekuen gizarteratze-ahaleginaren osagarri izango dira, beraz, harrerako osaba-izeben familiak. Nolabait adieraztearren, Bakarrik dauden Adin txikiko Atzerritarrak (BDAA) Laguntza duten eta Gizarteratuta dauden Adin txikiko Atzerritarrak (LGAA) bihurtzea da asmoa.
Lehendik ere azaldu dugunez, laguntza-familia horien eginkizuna hau da: arrazoi hau edo bestea dela-eta etxetik urruti dagoen iloba baten osaba/izeba izatea. Hirugarren atalean dituzue eginkizun horretarako ekinbide zehatzak, baina aipa ditzagun, labur bada ere: zenbait laguntza- eta presentzia-mota, maiztasun jakin batekin (astean behingo topaketak, telefono-deiak, ingurunearekin jarduteko zenbait laguntza eta bitartekaritza-bide...).
Gaur egun, bi aukera daude babesik gabeko adin txikikoei familia-laguntza emateko: adopzioa eta harrera. Izeba Proiektuarekin, beste aukera bat jartzeko oinarriak jarriko dira: laguntza-familiak edo harrerako osaba-izebak. Bereziki aproposa izan daiteke aukera hau bakarrik dauden atzerritar adin txikikoei laguntzeko.
1.2. Abiapuntuak
Bi abiapuntu nagusi ditu proiektu honek: BDAAen egoeraren diagnostikoa, batetik, eta familiako harreraren esperientzia, batez ere harrera amaitu ondorengoa.
·Diagnostikoa. Izugarrizko ahalegina egiten dute erakunde publikoek BDAAk artatzen eta laguntzen, baina arazoaren konplexutasuna ikusirik, hobetzen jarraitu beharra daukagu. Gaur egun, adin txikiko horiek badituzte harrera-lekua, monitoreak, laguntza-zerbitzuak, eguneroko segimendua... Kasurik gehien-gehienetan, oso ona da adin txikikoen erantzuna. Gizarteratzean datza, baina, gabezia nagusia. Normalean, beren antzeko egoeran dauden beste adin txikiko batzuk bakarrik izaten dituzte inguruan, ez dute hurbileko harremanik gizartearekin edo beren adineko bertako gazteekin; ez dute, bestalde, familia-erreferentziarik; batzuek, bestalde, ez diete behar adina eusten beren grina eta gurariei, eta, noiz edo noiz (gutxitan), gatazkak sortzen dira, edo inguruko herritarren arbuioa eta onespenik eza (kolektibo osoari hedatua) jasan behar izaten dute. Aski arrazoi dago, bada, egiten ari den gizarteratzeahalegina sendotzen eta osatzen saiatzeko.
·Familiako harrera. Hamabost urtetik gora badira bide horri, harrerari, ekin zitzaiola, eta datu bat azpimarratu nahi genuke: harrera-familien lana adin txikikoaren harrera-epea amaitu eta gero, dela bere familia biologikora itzuli delako, dela zentro batera joan delako, dela bere kabuz baliatzen hasi delako... Kasu batzuetan, harrera-familia laguntza-, erreferentzia- edo babes-familia bihurtu izan da, bere kabuz eta borondatez, aldi batean eurekin izan duten adin txikiko horrentzat. Hala, bada, osaba-izeba moduko bilakatzen dira. Horrelakoetan, hobeak izaten dira —normalean— emaitzak: babes gehiago, afektibitate gehiago, erreferentzia gehiago, aukera gehiago, bere buruarekiko kontrol gehiago, gizarteratzeko baliabide gehiago eta bere bizimodua konstruktiboki eratzeko aukera gehiago izaten ditu adin txikikoak.Esperientzia praktiko hori du euskarri Izeba Proiektuak, ez uste edo aieru teoriko hutsak soilik.
1.3. Helburuak
Bi ataletan bildu ditugu Izeba Proiektuaren helburu nagusiak: batetik, zuzeneko eta berariazko helburuak; bestetik, helburu osagarriak eta orokorrak.
·Zuzeneko eta berariazko helburuak:
-Hobeto gizarteratzen laguntzea BDAAei, afektibitatezko familia-erreferentziak sortuz eta, horien bitartez, harreman sozial berriak eskainiz adin txikikoen ingurunean bertan. -Gaiaz arduratzen diren erakundeekin elkarlanean jarduteko familia-sare bat osatzea, BDAAen harrera eta gizarteratzeak dakartzan zailtasunei eta arazoei erantzun etiko eta egokia ematearren.
·Helburu osagarriak eta orokorrak:
-Elkartasun- eta konpromiso-kontzientzia sortzea gizartean arazo konplexu horrekiko, eta komunikabideak arduraz eta zorroztasunez jardutera bultzatzea. -Adin txikiko horienganako jarrera gizatiarragoa sustatzea gizartea, horien egoerarekiko enpatia eta hurbiltasuna sustatuz eta elkartasun- eta kidetasun-kontzientzia hedatuz gizartean. -Beldurrari, aurreiritziei eta etiketa kolektiboei indarra kentzen saiatzea, eta pertsona horiekiko giza sentsibilitatea sustatzea, geure seme-alabak izan litezkeela irudikatuz eta gogoratuz.
1.4. Izeba Proiektuaren eginkizun bat eta bi ardatz harrerako familientzat
Egin dugun deskribapenaren ostean eta hainbat atal jorratu ondoren, komeni da atzera egin eta alderdi garrantzitsuenak azpimarratzea, ez galtzeko kontuan izan beharreko hori alegia. Horretarako, Izeba Proiektuak harrerako familientzat dituen eginkizuna eta bi ardatz nagusiak azpimarratuko ditugu.
Azken helburua da eginkizuna, proiektu honen bidez lortu nahi dugun ametsa edo asmoa. Aipatuko ditugun bi ardatzak ditugu eginkizunaren printzipio gidariak, eta bi norabidetan ageri zaizkigu: kanporantz eta barnerantz. Barnerako ardatzean kokatuko dugu adin txikikoaren eta familiaren arteko bizikidetzan sortzen den harremana; kanporakoan, berriz, harrerako osaba-izebek adin txikikoaren eta haren ingurunearen artean egin dezaketen bitartekaritza-lana.
·Eginkizuna: BDAAak hobeto gizarteratzen laguntzea.
Proiektu honen xedea da BDAAen sufrimendua gutxitzen saiatzea; besteekin bizitzen, euren migrazio-prozesutik bizi-proiektu duina eta bideragarria eraikitzen… zoriontsu izaten laguntzea. Oinarrizko baldintza bera dute xede horiek guztiek: hobeto gizarteratzen lagundu behar zaie adin txikikoei. Gizarteratzea dugu eginkizuna; afektibitatea eta harreman-sareak, berriz, garapen-gakoak.
·Lehen gakoa: barnerantz, afektibitatea
Afektibitatea da lehenbiziko gakoa bakarrik dauden adin txikikoen eta laguntza-familien arteko barneko bizikidetzan. Harreman afektiboa sortu, eskaini eta eman behar diote elkarri; konfiantza, segurtasuna, babesa eta autokontrola dakarren familia-giroko afektibitatea.
·Bigarren gakoa: kanporantz, harreman-sareak
Harrerako familiaren eginkizuna funtsezkoa da, kanpora begira, adin txikikoaren eta haren ingurunearen arteko bitartekaritza-lanerako. Horregatik, harrerako osaba-izeben edo lehengusu-lehengusinen beste gakoa edo eginkizuna da adin txikikoen harremanak sustatzea, hurbileko adiskideak, interesak, zaletasunak eta gainerakoak eskainiz.
|