|
Izeba Proiektuari laguntzeko borondatezko pertsona edo familia gisara izena ematen dutenak ez dira bakarrik izango elkartasun-ahalegin horretan, hamar baliabide hauek, gutxienik, izango baitituzte eskura:
1. Bi psikologo emakumezkoren laguntza-zerbitzua, adin txikikoaren harrera-zerbitzuarekin koordinatua eta etengabeko harremanean familia bakoitzarekin lanean lagundu, kontsultei erantzun edo zailtasunei aurre egiteko orientabideak emateko. Eskarmentu handia dute bi psikologo horiek babesik gabeko adin txikikoekiko lanean. Kontxi Alikostes eta Virginia Latiegi ditugu bi psikologo horiek.
2. Laguntza-talde espezializatuaren bisitak. Prozesuaren hasieran, familia guztiak bisitatzen ditu, behin, laguntza-taldeak; hortik aurrera, familia bakoitzaren premia eta egoeraren arabera, bisita ugariago edo gutxiago egingo dituzte.
3. Telefonoa eta posta elektronikoa. Telefono-zenbaki baten bidez, laguntza-taldeari deitu eta zeinahi kontsulta egin diezaioke familiak, edo orientabideren bat eskatu, edo iradokizunen bat egin. Posta elektronikoko helbide batekin ere jar daitezke laguntza-taldearekin harremanetan familiak. Hona hemen helbidea:
Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu
.
4. Interneteko foro pribatu bat. Abegiko familiek eta laguntza-taldeak badute berariazko eremu bat esperientziak, zalantzak, kontsultak, kritikak, iradokizunak edo ekarpenak bidaltzeko elkarri. Hona hemen helbidea: www.izeba.org/foro.html.
5. Laguntza ekonomikoa. Izeba Proiektuan izena ematen duten familiek 100 euroko diru-laguntza jasoko dute hilero Gipuzkoako Foru Aldunditik, beren ekarpena eta eragiten dizkien gastuak apur bat bederen estaltzeko.
6. Ikastaroak eta argitalpenak. Baketik-ek aukera ematen die Izeba Proiektuko abegiko familia guztiei plazaratzen dituen argitalpenak doan jasotzeko eta antolatzen dituen trebakuntza-ikastaroetan doan parte hartzeko.
7. Aldizkariak. Hainbatean behin, aldizkari bat bidaliko zaie abegiko familiei, zenbait albiste, bizipen, iradokizun eta hausnarketarekin, guztiak ere laguntza-familien edo abegiko osaba-izeben jarduerarekin lotuak.
8. Tokiko erakundeekiko lankidetza. Laguntza-talde espezializatuak eta Baketik-ek tokiko erakundeekin harremanetan jarriko dituzte adin txikiko horien harremanak sustatzeko prest dauden familiak, eta haientzako hurbileko harreman sozialak, adiskideak eta interes edo zaletasunak aurkitzen lagunduko diete.
9. Familien eta talde teknikoaren arteko taldeko saioak eta trebakuntza-jardunaldiak. Baketik-ek topaketak antolatzen ditu, hainbatean behin, abegiko familientzat, Arantzazun eta Gipuzkoako beste zenbait lekutan. Topaketa horietan, Izeba Proiektuarekin lotutako trebakuntza jasotzeaz gain, beren iritziak eta esperientziak trukatzeko aukera dute familiek.
10. Sentsibilizazio-kanpainak. Abegiko osaba-izeben gizarteratze-lanari laguntzearren, urtean behin —gutxienik— sentsibilizazio-kanpaina bat antolatuko da herri batean edo probintzia osoan. Neskamutiko horienganako giza sentsibilitatea sustatzea dute helburu kanpainek, hots, gure seme-alabak izan zitezkeela gogoraraztea herritarrei.
Halaber, beste zenbait jarduera bultzatuko dira BDAAak gizarteratzen laguntzeko. Baketik-ek, adibidez, komunikabideekin eta gizarte zibileko elkarteekin lan egingo du, arazo honen inguruan sinergiak sortzen saiatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentuak, berriz, beste zenbait programa bultzatuko ditu, ikuspegi askotatik bultzatu ere, babesik gabeko adin txikikoei —bakarrik dauden adin txikiko atzerritarrei, batik bat— nola lagundu aholkatzeko.
|