gototopgototop

Atal honetan, abegiko osaba-izeba eginkizunari ahalik eta ondoen ekiteko zenbait arau edo jarraibide aipatuko ditugu. Komeni da aintzat hartzea gomendio hauek, lagungarri izan baitaitezke abegiko familien eta babestu nahi diren adin txikikoen arteko harremana emankorra izan dadin.

1. Zer garen eta zer ez garen ongi jakitea. Ez gara neska-mutiko horien guraso biologikoak edo adopziozkoak; gure ingurunean hobeto gizarteratzen lagundu nahi diegun familia edo gizon-emakumeak gara. Osaba-izebaren rola gureganatuko dugu, gure lana hobeto egiteko.

2. Zer egin dezakegun, eta zer ez, ohartzea. Abegiko familion erantzukizuna ez da adin txikiko horiek «salbatzea» edo «berreztea». Hala nahi izanda ere, ezin dugu haien bizimodua goitik behera konpondu.
Gure eginkizuna da ahalik eta ondoen gizarteratzen laguntzea, hau da, hobeto bizi eta elkarbizi daitezen bidea egitea.

3. Jakitea afektibitatearen eta harremanen bidez laguntzen diegula. Bi eratara laguntzen diegu adin txikikoei: barnerantz, afektibitatea sortzen, eskaintzen eta jasotzen duen harremana eraikiz; eta kanporantz, hurbileko harreman sozialak, adiskideak, interes eta zaletasun erkideak eskuratzeko bidea erraztuz.

4. Afektibitate-giroa sortzea: oinarrizko printzipio eta irizpideak. BDAAekin afektibitate-eremu bat sortzeko, eraikitzeko eta iraunarazteko, elementu hauek —gutxienez— behar ditugu: (1) jarrera positiboa, (2) jarraitutasuna eta erregularitatea, (3) komunikazioa eta enpatia, (4) laguntza eta kontrola, eta (5) maitasuna eta mugak. Horrek guztiak, berriz, konfiantzan (6) oinarritutako harremana ekar dezake.

4.1. Afektibitatea da, lehenik eta behin, ikuspegi positiboa, ulerbera eta aurreiritzirik gabea izatea. Ikuspegi hori izate hutsak sekulako ahalmena ematen digu aukerak sortzeko, adin txikikoak gizarteratzeko, hezteko edo aldatzeko.Osaba-izeben helburuetako bat izan behar du ikuspegi horri eustea laguntza-garai osoan.

4.2. Afektibitatea jarraitutasuna eta erregularitatea da, edozer gertatzen dela ere, hor egotea, astean behin gutxienik. Ez da egun bateko lana; ez pentsa maitasuna eta konfiantza barra-barra etorriko zaizkigunik lehen momentutik. Pazientziaz landu behar dira, urratsez urrats, prozesuikuspegiarekin, pixkanaka.

A. Adibide bat jartzearren, astean behin gure familiarekin bazkaltzera edo ibilaldi bat egitera gonbidatu adin txikikoa; hainbatean behin telefonoz deitu, zer moduz dabilen jakiteko. Ez da komeni gure etxean hark lo egiteko leku berezirik jartzea. Prozesu baten emaitza behar du izan pauso horrek, eta, aurretik, laguntza-talde espezializatuari eta harrera-lekuari galdetu behar diegu.

4.3. Afektibitatea komunikazioa eta enpatia da. Ideia bakar batekin laburbil daitezke komunikazioa eta enpatia: epaitu gabe entzun. Gertakariak epai ditzakegu, baina ez pertsonak. Pertsonak epaitzen baditugu, ezin dugu entzun, ezin dugu elkarrizketarik izan, ezin gara elkarrekin komunikatu. Dagokigun kasuan, hau dakarte berekin komunikazioak eta entzuteak: neska-mutiko hauen historiaz sakonki arduratzea, eta geurea haiei azaltzea.

B. Zehazki, haien familiaz, eskolaz, lagunez, herriaz... galdetu, adibidez; saiatu haien erlijioa eta tradizioak ulertzen, aurreiritzirik gabe; saiatu haien historia geure familiaren historia bezala sentitzen, eta gure historia eta bizitza ere azaldu haiei, betiere pixkanaka, pausoz pauso.

4.4. Afektibitatea laguntza eta kontrola da. Are hobeak izango dira komunikazioa eta enpatia gugan euskarri fidagarri eta erregularra ikusten badute. Estutu gabe lagundu behar diegu, baina lañotasunean erori gabe. Gogoan izan nerabezaroaren mugan dabiltzala, hau da, adin «zailean». Horregatik, frenoa jartzea ere laguntzea da. Kontrola, frenoa ez da ez agintekeria ez debekua; laguntzea, orientatzea, negoziatzea eta, batzuetan, ezetz esatea da.

C. Zehazki, arazo pertsonalen bat (edozein) konpontzen lagundu ahal diegu, hizkuntza ikasten, ikasketetan, lanbidea edo ikasketak hautatzen, arropa edo oinetako edo beste zernahi erosten; lagundu ahal diegu, halaber, gure aholku eta iritziekin (aldekoak edo ez-aldekoak), eta beren prozesu pertsonaletan. Alabaina, haien erritmoa eta autonomia kontuan izan behar ditugu, estutu gabe, paternalismoan eta lañotasunean erori gabe. Kontrola, frenoa jartzea etxean bakarrik ez uztea ere bada —hasieran—, etxeko giltzarik ez ematea, ezer tentagarririk eskura ez uztea. Zentzua erabili behar dugu prozesu osoan.

4.5. Afektibitatea maitasuna da, eta mugak. Maitasuna bestea bestetzat garatzea da (Nedoncelle). Sentimendu hori transmititzeko, aintzatespena, onespena, balioespena, adin txikiko horiekiko sentitzen duguna azaldu behar dugu. Baina maitasuna ez da mugarik gabeko permisibitatea; batzuetan, gatazkak eta zailtasunak sortzen dira, eta aurre egin behar zaie.

D. Zehazki, hitzaren bidez adierazi behar diegu gure maitasuna eta afektua iloba berri horiei, begiradarekin, fereka edo besarkada batekin, keinu edo jarrera jakin batekin. Baina afektibitatea muga ere badenez, ezetz esaten ere jakin behar dugu ezetz esatea tokatzen denean, haien gurasoak ez garen arren. Hori gertatzen bada, ez diogu haien osaba-izeba izateari uzten, ez diogu haiek maitatzeari uzten. Hor jarraitzen dugu, baina garbi adieraziz ez gatozela bat haien jokabidearekin, eta ondorioak haiekin negoziatu behar ditugula. Ez baldin badakigu nola jardun zailtasunen edo gatazkaren bat sortzean, laguntza-talde espezializatuari galdetu.

4.6. Afektibitatea, azkenik, konfiantza eta esker ona da. Hazten ari den afektibitate-eremu batek elkarrenganako konfiantza eta esker oneko harremana dakar. Afektibitate horrek inongo ordainik gabe ematea eta konfiantza izatea eskatzen du, apaltasunez jasotzeko prest egotea. BDAAen eta Abegiko osaba-izeben arteko harremanak ez du materiala edo ekonomikoa izan behar; konfiantza eta esker ona eraikitzeko, afektibitatea behar da, betiere jarraitutasuna eta erregularitatea, komunikazioa eta enpatia, laguntza eta kontrola, maitasuna eta mugak oinarri direla.

E. Zehazki, afektibitate-eremu horri eusteko behar den guztia eman behar diegu neska-mutiko horiei, baina ez da sari materialetan oinarritu behar. Ez diegu dirurik eman behar, ezta oparirik erosi ere, egoera jakin batzuetan izan ezik (urtebetetze-eguna, festak eta antzekoak). Bestalde, konfiantza eta esker ona handitu ahala, etxean egonaldi laburrak egitera gonbida dezake adin txikikoa familiak: gau batean etxean lo egitera, asteburu bat pasatzera, edo opor-egun batzuk...

5. Harreman-giroa nola sortu: iradokizun batzuk. Izeba Proiektuaren filosofian, familia giroko afektibitatelotura sortzea bezain garrantzitsua da abegiko familiei adin txikikoei laguntzea harreman sozial berriak jorratzen familiaren ingurunean edo neska-mutikoak bizi diren herrian. Hona hemen horretarako irizpide batzuk:

F. Adin txikikoen zaletasunekiko interesa adierazi behar dugu, eta herrian egiten diren kirol edo aisialdi-jardueretan parte hartzera bultzatu, bere gustukoetan betiere.

G. Herriko festetan, ohituretan eta kulturan murgiltzera bultzatu behar dugu; horretarako, hainbat ekitalditara eraman behar dugu, edo haietan parte hartzeko esan.

H. Kultura arteko jarduerak sustatzen dituzten tokiko erakundeekin harremanetan jardun behar dugu, eta aukerak aprobetxatu.

I. Geure familian adin bertsuko neska-mutikoren bat baldin badago, bien arteko harremana errazten saiatzea komenigarria izan daiteke, tentuz betiere. Zalantzarik gabe, adin txikiko nerabe bat da adin bereko beste batentzako integrazio-eragile egokiena. Baina naturaltasunez egin behar da, egoerarik behartu gabe eta sor daitezkeen zailtasunak kontuan hartuz.

J. Bere adin bereko beste gazte batzuekin, lagunen seme-alabekin... harremanetan jartzen ere saia gaitezke, tentuz betiere, edo horretarako sortzen den edozein aukeraz baliatuz.

Azken oharra: gomendio eta aholku hauek gorabehera, geure aldetik dugun onena eman arren, ez dugu ahantzi behar mugatuak garela, eginkizun zaila eta konplexua dugula, eta, azken batean, prest egon behar dugula aldian behingo porrotak jasateko, edo, agian, behin betikoak. Tentaziorik txarrena eta asmorik okerrena hauxe dugu: gaztetxo horien «salbatzaileak» garela uste izatea, haien bizitzez jabetu eta «zuzendu» egin ditzakegula pentsatzea. Akats larria egingo dugu horrela jardunez gero.

Lehendik ere esan dugunez, giro egokia sortzea da egin dezakegun bakarra; ezin ditugu emaitzak kontrolatu. Vaclav Havelek zioenez, «itxaropena ez da dena ondo aterako dela ziur egotea, baizik eta egiten dugunak zentzurik baduela jakitea, emaitzez arduratu gabe». Badu zentzurik Izeba Proiektuak? Badu zentzurik bakarrik dagoen adin txikiko atzerritar bati laguntzen saiatzeak? Bai, badu. Emaitzak? Ezin jakin. Dakigun gauza bakarra da gauzak hobetzen saiatzeko bidea ireki dezakegula, eta pozik egotekoa dela hori egiteko aukera egokitu izana.