|
Bakarrik dauden adin txikiko atzerritarren (BDAA) harrerako osaba/izebak izateko eta haiei gizarteratzen laguntzeko prest dauden pertsona- edo familia-sarea da Izeba Proiektua. Erreferentzia- eta laguntza-familia horien eginkizuna hau da: ikasketak direla-eta, adibidez, gurasoengandik urruti bizi den iloba batengandik hurbil bizi den osaba/izeba batenaren antzekoa. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politika Departamentuak eta Arantzazuko Baketik zentroak elkarrekin izenpetutako hitzarmenak abiarazten eta garatzen du ekimen hau.
Adar ugari ditu Izeba proiektuaren enborrak: Gipuzkoako Foru Aldundia, proiektuari laguntzen dioten zenbait udal, herritarrak (harrerako familien bitartez), gizarte zibil antolatua (Baketik eta ekimena sustatzen duten beste zenbait erakunderen bitartez)... Helburu bakarra du ekimen kolektibo eta koordinatu honek: bakarrik dauden adin txikiko atzerritarrak hobeto gizarteratzen laguntzeko erantzun solidarioa eta eraginkorra ematea.
Lehenik eta behin, elkartasun-proiektu bat da. Baketik-en gabiltzanok uste sendoa dugu ezinbestekoa dela elkartasuna hobeto bizitzeko, elkarbizitzeko eta hezteko. Bizitza ezin da osatu altruismoaren esperientziarik gabe. Eta elkartasun-bizipen horretan murgiltzeko, irizpide egokia da etengabe galdetzea geure buruari nor diren gizarteko azkenak, geure inguruan gehien sufritzen dutenak, eta inon diren ahaleginak egitea azkenak ataka horretatik ateratzeko. Irizpide egokia ez ezik, gizalegezko eta justiziako eginkizuna ere bada hori. Hausnarketa horiek abiapuntu harturik jarri gara BDAA deritzenei begira. Ez dakigu, zehazki, gizarteko azkenak diren, baina burua asko nekatu gabe esan daiteke adin horretako neska-mutikoen sufrimenduak inon den gogorrenetakoa eta astunenetakoa behar duela izan.
Baina sufrimendu hori ez da beti agerikoa eta bistakoa izaten. Komunikabideen informazioek —aurreiritziz, esterotipoz eta sentsazionalismo populistaz hornituak, maiz— neka-mutil horiek zer egiten duten esaten digute, non bizi diren, zenbat diren, edo bere inguruan zenbat istilu, kezka eta gorabehera sortzen duten. Sarritan, informazio horien bidez neska-mutil horiei buruz den-dena dakigula iruditzen zaigu, eta epaitzeko eta etiketa kolektiboak jartzeko gai ere sentitu ohi gara.
Baina, egiazki, ezer ez dakigu —edo ezer gutxi— haietako bakoitzaren historiaz, bizipen eta sufrimendu pertsonalaz; ez dakigu zer zela eta alde egin zuten etxetik, edo zenbaterainoko erantzukizuna duen egoera horretan geure bizimoduak. Haien egoera apur bat bederen irudikatzeko, pentsa dezagun 14, 13 edo 12 urteko geure seme batek etxetik eta sorterritik alde egin behar izan duela, lana bilatu eta bere sendiari dirua bidaltzeko asmoz, eta herrialde arrotz batera iritsi dela, hizkuntza, kultura, erlijio eta ohitura guztiz desberdinak dituen ingurune batera.
Testuinguru horretan galdetu behar diogu geure buruari zer gehiago egin behar dugun adin txikiko horiek gizarteratzen laguntzeko. Eta galdera horrek abiarazi du, Arantzazun, Izeba Proiektua eta, horren ondorioz, Baketik-en eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko hitzarmena. Eta ikuspegi berari jarraiki, familia askok eman dute izena, beren borondatez eta elkartasun asmoz, proiektu honetan parte hartzeko.
Elkartasun-proiektua da, izan ere, baina, aldi berean, eraginkortasunez jardun nahi du adin txikiko horiek gizarteratzen. Izeba Proiektuak uste hau du sorburu: harrerako osaba-izebak lagungarri izan dakizkieke bakarrik dauden adin txikiko atzerritarrei, familia-erreferentziak eskaintzen baitizkie (beren buruari eusten ikastea, afektibitatea, hurbileko harreman sozialak, laguntza...). Baina ustea ez zaigu aski: helburu hori lortzeko baliabideak ere ipini beharra daukagu.
Norabide horretan urrats bat egitea du xede agiri honek: Izeba Proiektuari eta horren ardatz nagusiei buruzko oinarrizko informazioa ematen du, eta, beren lana ahalik eta hobekien egin dezaten, ekimen solidario honetarako familia boluntarioek dituzten baliabideak zerrendatzen eta deskribatzen ditu. Azkenik, iradokizun- edo arau-katalogo bat ere badu, adin txikikoen eta familia boluntarioen arteko harremanak bideratzeko.
|